Munoa jauregia

Ezagutu Munoa finka

Munoa, Barakaldoko gune historikoetako bat, aipatua agertzen da jada 1569an gertuko Burtzeñako Monasterioaren jabetzen artean, eta bertan, baserri bat, sagastiak, mahastiak eta baratzeak egon ziren XIX. mendearen erdialdera arte. Lursail hori guztia 1860 inguruan erosi zuen Juan Echevarria La Llanak. Bilboko alkate eta hainbat aldiz diputatu, Barakaldoko jaberik handienetakoa izan zen, eta landa-etxe dotore bat eraikitzeko agindu zuen.

1916an, Juanen biloba eta Amalia Echevarrietaren senar Rafael Echevarria Azcarateren esku geratu zen etxea. Gainera, Amalia Horacio Echevarrieta industrialari ospetsuaren arreba zen. Senar-emazteek jauregia guztiz eraberritzea erabaki zuten, obra Ricardo Bastida arkitektoari enkargatuz, zeinak jatorrizko blokea mantendu eta alde banatan dorre bat erantsi zion, eraikina Frantziako Bigarren Inperioa estiloko etxe bikain bihurtuz. Aldi berean, garaje bat, atezaindegirako etxe bat, baserri bat eta ingeles estiloko lorategi handi bat eraikitzea erabaki zuten.

Finka hori guztia Echevarrieta familiaren jabetzakoa izan zen 2014 urtera arte. Urte horretan Barakaldoko Udalak erosi zuen, eta, ordutik, hari buruzko hainbat azterlan egin ditu, baita zenbait zaharberritze ere, batez ere jauregiko teilatuan. 

Jabeak

Rafael Echevarria Azcarate eta Amalia Echevarrieta Maruri.

1916an, Munoako etxea eta finka zaharra Rafael Echevarria Azcarate eta Amalia Echevarrieta Maruri senar-emazteen eskuetara joan zen, baina, haiek, orduan, Echevarrieta familiaren Bilboko Gardoki kaleko txaletean bizi ziren.

Rafael eta Amaliak gustu fineko bikotea osatu zuten, bidaiak eta luxua maite zituena, eta Amaliaren anaia Horacio Echevarrietak kudeatzen zuen Echevarrieta eta Larrinaga baltzutik jasotako baliabide ekonomikoei esker, etxea guztiz eraberritzea erabaki zuten, jauregi bikain bihurtuz.

Urteek aurrera egin ahala, senar-emazteek arte-bilduma zabala osatu zuten, eta, horrez gain, hainbat artistaren mezenas bihurtu ziren, haien artean, Paco Durrio edo Valentín Dueñas. Horiek biek Horacio Echevarrietaren laguntza ere jaso zuten.

Urte batzuk lehenago, 1911n, Rafaelek osasun makala zuenez, klima hobeko leku bila, senar-emazteek Malagako La Concepción lursaila erosi zuen, XIX. mendearen erdialdean Jorge Loring eta Amalia Heredia senar-emazteek diseinatua, ingeles estiloko lorategi eder batekin, gero Echevarria-Echevarrietatarrek frantziar gustuei jarraituz handitu zutena; horrez gainera, jauregia eraberritu eta hainbat landaketa ere egin zituzten.

Rafael eta Amalia Munoa jauregian eta La Concepcion etxean bizitu ziren hainbat urtez, azken horretan denboraldi luzeak igaroz, 1926an Rafael hil zen arte. Amalia bi lursailen jabe izan zen 1956an hil zen arte

Lehengo jabeen faktura eta eskritura batzuk:

Beste protagonista. Horacio Echevarrieta Maruri

Cosme Echevarrieta Lascurainen semea zen Horacio Echevarrieta Maruri, alderdi errepublikarreko burua eta meatzaritzan hainbat jabetza eta interes zituen negozio-gizona.

Horaziok  oinordetzan hartu zituen aitaren jabetza eta kargu politikoak, eta Echevarrieta-Larrinaga enpresaren bitartez, XX. mendearen lehen erdiko enpresaririk garrantzitsuenetako bat bihurtu zen. Horrez gainera, industrialaria, bankaria, politikaria, mezenasa, diplomatikoa eta egunkarien sortzailea izan zen.

Enpresa-jarduera garrantzitsuenak izan ziren Cadizeko ontziolak, Saltos del Duero, Iberia-Espainiako aireko lineak, Bartzelonako metropoliko 1. linea, Madrilgo Kale Nagusia, Prentsa Etxea eta Bilboko Zabalguneko zenbait eraikin.

Erregearekin harremanak izan zituen, eta 1921eko Rifeko Gerretan, Annualeko hondamendiaren ondoren preso hartutako 600 soldaduak askatzeko 1923an Marokoko Alhucemasen riftarren buruzagiarekin egin ziren negoziazioetan bitartekarietako bat izan zen, eta horri esker, pertsonaia ospetsu bihurtu zen.

Aberastasun handiko gizon bihurtuta, hainbat eraikuntza egin zituen, horien artean Getxoko Begoña Punta jauregia. Haren  izarraren argia, baina, itzaltzen hasi zen 40ko hamarkadan, bere proiekturik handinahienean metatutako zorren ondorioz: Cadizko ontzioletan itsaspekoen eredu moderno baten eraikuntza. Neurri batean hondatuta, arreba Amaliarekin bizitzera erretiratu zen Munoa jauregira, eta han hil zen1963an.

 

Jauregia ikusi

1916an, Echevarria-Echevarrieta senar-emazteek Ricardo Bastida arkitektoari eskatu zioten oinordetzan jasotako etxetzar zaharra eraberritzeko, eta hark erabaki zuen Frantziako Bigarren Inperioa estiloko etxe bihurtzea. Horretarako hiru elementu berri eraiki zituen: alboetako bi gorputz, terrazadun eskailera inperial bat eta teilatu-hegalerako erremate dotore bat.

Barrutik, eraikina lau solairutan berregituratu zuen.

Sotoan sukaldea, sotoa, plantxa-gela, esekitokiak, ikaztegiak eta biltegiak jarri zituen, lorategira sartzeko galeria dotore bati bide ematen ziotenak; beheko solairuan eskailera handi baterako sarbidea ematen zuen ezkaratz bat jarri zuen, bai eta areto handi bat ere, organoa, alboko aretoak, jangela, joste-gela, bulegoa eta kapera zituena; solairu nobleak familiaren logelak eta beste batzuk hartu zituen. Azkenik, teilatupean, zerbitzuko gelak, ganbarak eta arropa-ontziak sartu zituen.

Bastidak jauregiko gela guztiak erabat inguratu zituen, paneleztatze, ate, zokalo eta zoruetarako luxuzko zurak erabiliz, hormen goialdea oihal admaniatuzko oholez estaliz, sabaietarako igeltsuzko apaingarriak erabiliz, bainu modernoak eta luxuzko tximiniak diseinatuz, neorromaniko estiloko kapera bat eta azulejuz estalitako galeria bat planteatzeaz gain.

Honekin, jauregi ikusgarri bat sortu zuen, bere jabeak, urteetan zehar artelan bilduma bikain batekin osatu eta hobetzeaz arduratu zirelarik.

Jauregiaren planoak: 

Jauregiaren barrukaldea (Unai Nuñoren argazkiak):

Jauregiaren barrualdea bisitatzea

Garajea ikusi

Garajea, desagertutako porteria bezala, Bastidak diseinatu zuen jauregiaren Frantziako Bigarren Inperioaren estilo berean. Horretarako, arbelez errematatutako teilatua jarri zion, baita leihate handiak ere kalera ematen duen aldean.

Jatorrizko barne-diseinua aldatu egin zen obra egin bitartean, eta bi solairuko eraikin bat geratu zen, bi espaziotan banatua, bata garajerako eta bestea tailerrerako. Goiko solairura sartzeko, erdiko eskailera xume bat jarri zuen, txoferraren etxebizitzara ematen zuen hall txiki batean amaitzen zena.

Lorategia ikusi

Multzoa osatzeko, Echevarria-Echevarrietatarrek bi fasetan eraikitako ingeles estiloko lorategi ikusgarria diseinatzea erabaki zuten. Lehenengoan, jatorrizko etxetzarraren gainean egina, ia bidezidorrik gabeko baso trinko bat planteatu zuten, eta bigarrenean, berriz, Bastidak berak 1918an egindako handitze bati esker sortua, zuhaitz-multzoekin txandakatzen ziren bidezidor bihurgunetsuak sartu zituzten.

Guztira, 652 zuhaitz eta 100 zuhaixka dira gaur egun ikus ditzakegunak. Lorategian, Nemesio Mogrobejoren eskultura bat eta Valentin Dueñasen beste bat jarri zituzten, bai eta Kixoteren eszenekin dekoratutako lau eserleku, erdiko urmael handi bat eta loreontzi handiekin errematatutako harrizko balaustrada bat ere.

Lorategiaren hedadura murriztu egin zen 1975ean eta 1988an egindako bi desjabetzeen ondorioz.

 

Eskulturak

Otsailaren 7ko 41/2017 Dekretuaren arabera (2017ko otsailaren 10eko EHAA, 29. zk.), Bizkaiko Barakaldoko Munoa Jauregia monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun gisa kalifikatuak jauregiko eraikuntza-unitate osoa eta lorategia hartzen ditu, eta bertan daude Nemesio Mogrobejo eskultorearen “Eva” eta Valentin Dueñas Zaballa eskultorearen “Dama” eskulturak.

Hauek dira bi emakume biluzi, naturaletik hartuak:

“Eva”, Nemesio Mogrobejo eta Abasolo (Bilbo, 1875 – Graz, 1910)
  • Teknika: patina berdeko brontzea
  • Neurriak: 164 X 52 x 58 cm
  • Fundidore-sinadura: Mir y Ferrero Fundidores Madrid
  • Sinadura: N Mogrobejo

Egileak sortu zuen “Eva”, “Hero y Leandro” eta “Riaveglio” eskultura-trilogiaren parte da, eta bereziki adierazten du ideal femeninoa. Emakumearen gorputzari egindako begirada harmoniatsu eta delikatua da.
Pieza honek garrantzi handia du, artistak brontzera pasatzea lortzen duen bakarretakoa baita; lan hori Bartzelonan egin zuen bilbotarrak, eta 1908ko irailean hiri horretara joan zen, beste pieza batzuekin batera urtzera.
Artearen adituek lorpen garrantzitsutzat jotzen dute “Eva”, graziaz betea, eta ikuspuntu ezberdinetatik begirada eskultorikoa dinamizatzen duten erritmo dotoreak baititu.

“Dama”, Valentín Dueñas eta Zaballa (Bilbao, 1888 – Madrid, 1952)
  • Teknika: Harri zizelkatua
  • Neurriak: 188 x 70 x 70 cm, peanarik gabe
  • Sinadura: Dueñas

Igeltsuzko eskultura hau aurkeztu zuen eskultoreak 1920ko erakusketa nazionalean, eta, ondoren, Munoa Jauregian jarri zuen Echevarrieta familiak, harrian erosia.

Horacio Echevarrietaren bustoa (1920ko hamarkada)

Moisés Huerta Ayuso (Valladolid, 1881eko irailaren 25a – Mérida, 1962ko otsailaren 1) bizkaitar eskultorea izan zen. Euskal Eskolaren kidea, Bilbon eta Gasteizen lan egin zuen. San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademian irakaslea, 1927an Jesusen Bihotza egin zuen. Rafael bere semea eskultorea ere bada.

Lanak

  • Leukaderen saltoa Madrilen. (1910-11)
  • Merkurioren estatua Bilboko BBVAn. (1920-22)
  • Minervaren estatua Bilboko Miguel de Unamuno Bigarren Hezkuntzako Institutuan. (1925)
  • Jesusen Bihotz Sakratua Bilbon (1927)

Sariak eta errekonozimenduak

  • 1912an Madrilen Leukaderen saltoa izeneko estatuarekin Eskulturaren Lehen Domina lortu zuen.

Parkeko Gida

1. Zedroa/ Cedrus atlantica
2. Zedroa/ Cedrus atlantica
3. Hagina / Taxus baccata
4. Sekuoia / Sequoiadendron
5. Jupiterren zuhaitza / Lagerstroemia indica
6. Izeia / Abies sp
7. Magnolia / Magnolia grandiflora
8. Zedroa/ Cedrus atlantica
9. Sekuoia / Sequoiadendron giganteum
10. Aligustre arbóreo / Ligustrum sp variegata
11. Kotxetegiak
12. Jauregia
13. Estatua
14. Eva estatua
15. Iturria
16. Bizikletetarako aparkalekua
17. Kixoteren mosaikoa
18. Makal basoa / Populus alba
19. Haritz amerikarra / Quercus rubra
20. Ezkia / Tilia platyphylos
21. Palmondoen lerrokatzea / Phoenix canariensis
22. Ezkien galeria / Tilia
23. Albodia / Platanus hybrida
24. Mimosa / Acacia dealbata
25. Urmaela

Cedrus atlantica
1 Cedrus atlantica

Zedroak lorategiko zuhaitzik luzeenak dira, 100 urte baino gehiagokoak. Jatorriz pinaburuak dituen atlasa da, laranja koloreko pinaburuak dituena, eta orratz formako hostoak ditu, izardun erroseta txikietan multzokatuta.

 
Sequoiadendron giganteum
4 Sequoiadendron giganteum

Sekuoia Munduko zuhaitzik handienetako bat da. Batzuk 95 metroko altuera eta 10 metroko diametroa izatera irits daitezke enborrean. Bere tamaina handiaz gain, konifero hauek enborraren azal lodia dute bereizgarri, nahiko harroa edo andeatua.

 
Lagerstromia indica
5 Lagerstromia indica

Jupiterren zuhaitza, kotxetegien eraikinera begira. Deigarria da zuhaitz multzo txiki bat: neguan, azal leuna dute, tonu askotako orbanekin, eta uda amaieran eta udazken hasieran, berriz, lore arrosa ikusgarriak, sei petalo kizkur handi dituztenak.

Magnolia grandiflora
7 Magnolia grandiflora

Magnoliak Magnoliazeo zuhaitzak dauden familiarik primitiboenetakoak dira. Dauzkaten lore handiei usain atsegina darie, historian zehar lurrin gisa erabili izan dena. Zuhaitz perennifolio hauen zenbait ale, jauregiaren iparraldeko muturrean daude.

 

Bisitak eta jarduerak

Munoa finkara alderdi botanikoa bisitatzeko eskaria egin dezakete antolatutako taldeek,  finkaren lorategia osatzen duten landareak eta elementuak ezagutzeko. Bisitak astegunetan egiten dira, 10:00etatik 13:30era, baina taldekide kopurua mugatua da. Ez dago jauregia bisitatzerik.

Asteburu batzuetan, noizean behin, doako bisitak antolatzen zaizkie herritarrei. Horrelako bisitaldietan, ingeles estiloko lorategiko botanikari lotutako hainbat gai jorratzen dira. Gehiago jakiteko, kontsultatu Natur Gelaren hileko agenda (Blog atala).

Izen-emateak: Natur Gelan.

 
Visita Munoa

Helbidea

Llano Kalea, 61, 48903
Barakaldo, Bizkaia 

Ordutegiak

Astelehena – Igandea
08:30etatik – 21:30etara

Visit Barakaldo

Barakaldo Turismo

Logotipo Visit Barakaldo
Skip to content